Kartzelako poemak
ZER DA?
Kartzelako Poemak euskal presoen inguruko unibertsoari buruzko film luze dokumentala izango da, lau/bost istorio labur independentek osatua. Lau/bost zuzendari ezberdinek hartuko dute parte bertan, subjektibitatetik lan eginez, sarri ezkutatua izan den errealitate sozial hau modu gizatiar batean erakusteko asmoarekin.
ZERGATIK FILM HAU?
Gaur egun ia 800 euskal preso politiko daude kartzeletan gatazka politikoarekin lotutako arrazoiengatik. Azken 50 urteetako historia egiten badugu, ostera, zenbakiak are ikusgarriagoak dira: 55.000 lagun espetxeratu dituzte doi-doi hiru milioira heltzen den herri batean. Asko torturatuak izan dira, bakartuak, urrunduak, sakabanatuak, espetxeko baldintza gogorrenetara kondenatuak, behin eta berriz umiliatuak… “Gerra” baten erdian gatibu, trukerako txanpon.
Eguneroko errealitate mingotsa den arren, preso politikoak ezezagunak dira, diskurtso handien azpian estalita daudelako. Izan ere, hiru diskurtso handi nagusitzen dira gizartean: “heroien aldeko apologia”, “hiltzaileen kontrako apologia” eta Giza Eskubideei dagokiena. Film honek beste modu batean helduko dio gaiari, eta epika guztien azpitik (edo gainetik) kokatuko da. Guretzako, presoak ideal baten alde borrokatu diren pertsona normalak dira, gu bezalakoak.
ORAIN ARTE IKASI DUGUNA
Itsasoaren alaba eta Sagarren denbora filmeekin bizitako esperientziak ondo erakutsi du sentsibilitatez eta zintzotasunez jokatuz gero, jendeak asko eskertu eta estimatzen dituela lan hauek.
Behin baino gehiagotan aipatu dute ikusleek “ordura artekotik ezberdinak” direla bi filmeok; “beharrezkoak zirela” ere entzun izan dugu maiz, eta garrantzitsuena: jende sorta bati ezezagun zitzaien edo aurreiritziz epaitzen zituen egoera eta pertsona batzuetaz gogoeta egiteko balio izan dio. Ikusezinak sentitzen direnentzat “zaurien sendabide” izan dira filmok. Haize, Alfonso edo Kristianeri galdetu baino ez dago.
Horregatik, ildo honetatik segituko du Kartzelako Poemak filmak ere. Hementxe bertan, gugandik oso hurbil, istorio izugarriak daudelako kontatzeke. Istorio horiek geuk kontatu behar ditugulako: euskaldunok. Gehiegitan idatzi dute kanpokoek gure herriaren historia. Akats barkaezina litzateke, gerra zibilarekin bezala, 70 urte pasatzen uztea. Zauriak sakonegiak izango lirateke, berriz ere.
EKOIZPENA
Film luze baten erronkei behar den moduan erantzuteko ZINEZ ekoiztetxea sortu da. Berau arduratuko da filmaren ekoizpenaz, promozioaz eta zabalpenaz. ZINEZek kultur munduko jendeak, ikus-entzunezkoen produkzioan eta komunikazioan aritzen diren zenbaitek osatutako batzorde eragilea izango du. Taldeko bozeramailea Kristiane Etxaluz izango da, Sagarren Denbora filmeko protagonista eta militante abertzale historikoa.
Bestalde, filmak Euskal Memoria Fundazioaren eta Bilboko GITE-IPES elkartearen babesa izango du.
Ekoizpena ez da izango “ohiko produkzio” bat, ez eta doako auzolanaren fruitua ere. Bi aukeren arteko erdibidean egongo da: lana era guztiz profesionalean garatuko du, baina auzolanak sortzen dituen sinergiak galdu gabe.
AURREKONTUA ETA FINANTZIAZIOA
Dirua bide ofizialetatik lortzeak suposatuko lukeen zailtasunez ohartuta, gure apustua bide ezberdinetatik abiatzea da. Hala, gauzatu dugun finantzazio planak ekimen ezberdinek osatzen dute, besteak beste: aurreko filmeen salmenta, norbanakoen ekarpenak, formatu txikiko kultur ekitaldiak (antzerkia, musika…) eta abar.
ESTRENALDIA
Jadanik lan ekipoak martxan hasi dira eta zuzendariak haien gidoiak gorpuzten. Istorioen aukeraketa prozesua nahiko aurreratua dago honez gero.
Horiek horrela, helburua da filma 2012an estreinatzea, udaberrirako ez bada, udazkenerako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario