lunes, 26 de marzo de 2012

ABERRI EGUNA 2012

kartelaren aurkezpena

Iruñea1
ABERRI EGUNA 2012

Kartela
Kartelaren lema “independentzia” da eta elementurik ikusgarriena zortzi puntako izarraren argia adierazten duen irudia.

Inposaketa eta menpekotasun iragana atzean utzi eta askatasunaren geroa eraiki nahi dugu. Etorkizunari ilusioz beterik begira gaude eta izarraren distirak erakusten digu norabidea: independentzia. Ilunaren erdian izarraren argia.


1521 – 1937 – 2012 … independentzia!
Ikuspuntu guztietatik eta alor guztietatik begiratuta gero eta argiago ikusten dugu independentzia dela aukerarik onena Euskal Herriarentzat.

Orain dela 500 urte hondatu ziguten indarrez eta era bortitzean Nafarroako Erresuma, eta, 1937an, Gernika, euskaldunon askatasunaren ikurra deuseztatu zuten faxistek gorroto handiz. Sarraskiaren eta heriotzaren bidez beldurra eta etsipena sartu nahi izan zuten gure herriaren bihotzeraino. Baina mendeetako zapalkuntzak, ukazioak, sarraskiek, bortizkeriak eta errepresioak gure herriaren kemena eta askatasun egarria indartu bezterik ez dute egin eta, urte luzeetako erresistentzia eta borrokari esker, Euskal Herriak bizirik dirau, bere askatasuna berreskuratzeko prest.

Iraganak ez digu etorkizuna argituko, baina oso ondo erakutsi digu zein kaltegarria den menpekotasuna. Eta etorkizunaren zeruertzera begiratu eta ilusio handiz ikusten dugu zortzi puntako izar berdearen argi distira: independentzia!

Azken hilabeteetan irekitzen ari den aro politiko berriak ilusio handia piztu du eta independentisten arteko elkarlanerako baldintza berriak zabaldu ditu. Aukera historikoa da herriaren erabakiari atea irekitzeko eta independentziari argi berdea pizteko. Horrekin batera, Europatik datozen berriek hankaz gora jartzen dituzte independentziaren aurka entzun izan ditugun argumentuak, eta erreferentzia berriak jartzen dituzte estaturik gabeko nazioentzat. Eskozia, Groenlandia, Flandria eta Feroe irlak, esaterako, independentziaren bidean jarri dira dagoeneko, etorkizunerako aukerarik onena dela erabaki dutelako. Honek zera adierazten du Europan bertan, eta gaur egun, independentzia bideragarria dela eta, horrez gain, komeni zaigula eta beharrezkoa dela gure etorkizuna eraikitzeko, eta hauturik onena dela arrazoi kultural, sozial, ekonomiko zein politikoengatik. Bai, XXI. mendean, eta Europan, aukerarik onena: independentzia!

Egoera ekonomiko larriak eztabaidaren erdian jarri du estatu propioaren gaia. Krisiarekin zein krisirik babe, ez daukagu tresna propiorik geure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko. Baina, krisiak askoz gordinako agertzen du gure egoera. Ezintasunez ikusten dugu gure ekonomiaren gaitasunak eta krisi egoeratik ateratzeko aukerak, ihes egiten digutela eskuetatik, eta hondamenera goazela.

Gure beharrak eta interesak kontutan hartu gabe, inposatu egiten dizkigute politika ekonomiko eta sozialak. Hemen, ondorioak sufritzen ditugu eta ezin dugu ezer esan, ezer egin. Euskal Estatua behar dugu geure etorkizuna eraikitzeko, Europan ahots propioa izateko eta geure interesak defenditzeko.

Hauxe da menperatzen gaituzten Estatuek eskaintzen digutena: gure hizkuntza eta kulturaren aurkako etengabeko erasoa, ongizate estatuaren eta babes sozialaren desegitea, inboluzio politikoa eta hondamendi ekonomikoa. Euskal Estaturik gabe ez dago etorkizunik Euskal Herriarentzat.  Irtenbide bakarra: independentzia!

Aipatutako guztiak garrantzi eta izaera oso berezia ematen dio 2012 urteari eta eta, honenbestez, Independentistak Sareak dei berezia egin dio euskal jendarteari, hausnarketa komuna egin dezagun, ibilbide historikotik abiatuta herri gisa geroari so egiteko, eta biderik onena demokratikoki hautatzeko.

Aurtengo Aberri Egunak independentziaren bidean urrats eraginkorren hasiera markatuko duen mugarria izan behar du. Independentista guztiok elkarturik gure indarra, ilusioa eta kemena, erakutsi behar dugu, eta denok batera independentziaren alde lan egin eta borrokatzeko konpromiso tinkoa hartu behar dugu. Euskal Estatua berreskuratzeko ordua iritsi da.

Aurtengo Aberri Eguna mundiala izango da, munduko toki eta bazter askotan egingo dugulako, eta Euskal Herrian eta mundu osoan zabaldurik gauden euskal independentista guztiok bat eginik aldarrikatuko dugulako hemen herri bat martxan dagoela, eta zeruertzeko zortzi puntako izarraren distirak erakusten digun norabidean aurrera egingo dugula, inposaketa eta menpekotasun iragana atzean utzi eta askatasunaren geroa, independentziarena, lortu arte, herritar libre izan gaitezen herri libre batean.


Aberri Eguna Iruñean
Euskal Herrian, Iruñean egingo da Aberri Eguna apirilaren 8an, eta egun osoko egitaraua izango du. Martxa eguerdiko 12etan hasiko da Golemetan eta Sarasate Pasealekuan amaituko da, eta ondoren, bertan izango da ekitaldi politikoa.

Baina ospakizunak segida izango du arratsalde eta gauen zehar Trinaitarios-en jarriko den karpa erraldoian. Bertan antolatuko da herri bazkaria eta, bazkal ostean, adin guztietako jendearentzat ikuskizunak eta jaia. Iluntze eta gauean kontzertuak.

Zaletasun eta adin besberdinetako jendearentzako ospakizuna antolatzen saiatzen ari gara eta, aurreko urteetan bezela, Aberri Egun guztiz zabala eta parte-hartzailea izatea nahi dugu: independentista guztiok aniztasunean elkarturik aldarrikapena eta jaia uztartzeko eguna. Independentista guztiei Iruñeara etortzeko deia egiten diegu, denon artean 2012 urteari dagokion moduko  Aberri Egun jendetsu eta esanguratsua egiteko.


Zenbait dei eta ohar
1. Sarearen sorreratik herritarren ekarpena izan da mugimendu honen oinarria eta martxaren animazioan parte hartzeko aukera du mundu guztiak. Beraz trikitilari, txistulari, txaranga, batukada zein beste edozein musika taldek ditu ateak zabalik. Berdin dantzari, antzezle edo beste edozein ikuskizun motak. Parte hartzeko asmoaren berri eman lehenbaitlehen info@independentistak.net helbidean.

2. Egun osoko egitaraua aurrera eramateko bolondres askoren laguntza beharko dugu, beraz, laguntzeko prest dagoen oro Sarearekin kontaktuan jarri info@independentistak.net helbidean.

3. Gaur aurkezten dugun kartel hau berehala zabalduko dugu herri eta auzo guztietara, baina kartelak pegatzeko laguntza behar dugu. Prest dagoenak adierazi dezala bere izena eta zein tokitan kartel pegadan parte hartu nahi duen info@independentistak.net helbidean.

4. Bazkariko txartelak ahalik eta lehen eskuratzea aholkatzen dugu. Datozen egunotan jakinaraziko dugu zein tokitan eros daitezkeen, baina, dena den, info@independentistak.net helbidera eskaera bideratuz eskura daitezke.


Iruñea, 2012ko martxoaren 15a
INDEPENDENTISTAK Sarea

No hay comentarios:

Publicar un comentario