2011-10-25
Ezkutuko biktimak argitara ekarri
Euskal Herria aro berri batean murgiltzen ari den garaiotan guztien ahotan daude azken hamarkadatan gatazka politikoarekin loturiko bortxakeriaren ondorioak. Alabaina, Estatuen biolentziaren ondorioak jasan dituzten milaka herritarrak ahanzturara kondenatzeko saiakera orokorra dago kontakizun nagusi eta ofizial bakarra ezartzeko saiakeraren pean.
ETA erakundearen erabakiaren harira, azken lauzpabost hamarkadetan honen jarduerak eragindako biolentziaren datuak zehatz-mehatz, xehetasunez (eta gezurrez jantzita kasu batzuetan), ikusten eta entzuten ari gara. Zenbakiak eta izenak. Kopuruak eta bizipenak. Honen ondoan, ordea, azken hamarkadetan bezala, atzerago ere herri honen ukazioak eragindako bortxakeriaren kopuru eta izenak ditugu, ezkutatu ezin den min-soka luzea.
36ko Gerran eta Frankismoaren lehen hamarkadetan fusilatu, erbesteratu, espetxeratu, lan-eremuetara eraman zituzten horiek guztiek bezala, milaka euskal herritarrek jasan dute estatuen biolentzia azken 50 urteetan ere, Frankismoa amaitu eta gaur egunera arte ukazioaren sokak ez baitu amaierarik izan, errejimen beraren zutoinen gainean eraikitako “demokrazia” izaki.
Euskal Memoriak modu kolektiboan egindako lehen lan monografikoaren arabera, 1960tik 2010era:
- 474 pertsona hil dira Estatuek baliatzen dituzten errepresio moduekin lotuta (tirokatuta, segadetan, errepresioak eragindako gaixotasunen ondorioz, kontroletan, torturaren ondorioz, edota gatazkaren beste gertakarien ondorioz (erbestean, lehergailuak maneiatuz…).
Horien erdia (%48,8, 236 hildako) ez zen inolako eragile politikoko kide, herritar soil baizik.
Ia erdia (% 48,5, 230 hildako) Espainiako gorputz polizialek hildakoak dira.
76 (% 15,6) eskuineko talde armatuek, garai eta leku ezberdinetan aritu direnak (BVE, Triple A, GAL…) hildakoak dira.
40 pertsona hil ditu espetxe politikak eta dispertsioak (%8.9)
- 7.000 pertsona baino gehiago izan dira espetxeratuak.
- 50.000 pertsona atxilotu dituzte arrazoi politikoak medio.
- 10.000 pertsona torturatu dituzte atxiloaldietan.
Kontuan izan behar da datuok bilketa dokumentatu eta herritar baten emaitza direla, eta kontatzeke eta biltzeke dagoen geure historiaren beste hainbat atal bezala, osatzeke daudela eta aipaturiko epealdiari lotzen zaizkiola. Alegia, 2011n ere hildakoen zerrenda handitzen joan dela, eta atxilotu, espetxeratu eta torturatu horien guztien izen-abizenak eta kontakizunak biltzen jarraitzen dugula. Horretarako sortu baitzen, besteak beste, Euskal Memoria.
Nolanahi ere, hildakoen eta pertsonen sufrimenduaren inguruko kategorizazioak egitea desegokitzat jotzen dugula, azken aste honetan erabili diren zifren kariaz, egin diren baieztapenen faltsukeriaren aurrean (“ETAK hil ditu 857 pertsona, Espainia defendatzen dugunok ez dugu inor hil”, Antonio Basagoiti), datu hauek guztiak zabaldu eta ezkutuko biktimak argitara ekartzeko BEHARRA nabarmendu nahi ditugu.
Bide batez, terrorismoaren biktimen zerrendetan oraindik agertzen diren akats maltzurrak salatu nahi ditugu, eskuin muturreko taldeek, poliziak eta ezezagunek hildako pertsonak “ETAren biktima bezala” jasoak baitaude, besteak beste, Diego Alfaro, German Agirre, Jesus Maria Etxebeste, Josean Cardosa, José García Gastiain, Martin Merkelanz eta Ovidio Ferreira.
"Egia guztien batuketatik etorriko da egia osoa"
Datuok komunikabideetara aurkezteko agerraldian, Joxean Agirre "Gernikako seme-alabak" liburuaren koordinatzaileak (azken 50 urteetako errepresioaren ondorioak jasotzen dituena) gizarteari gatazkaren ondorioei buruzko ikuspegi ahalik eta osatuena eskaintzeko beharra jarri du mahai gainean: "hala saihestuko dugu azterketa partziala eta guztiek onartu beharreko errelato bakarra, azken balantzetik biolentzia sufritu duten dozenaka pertsona alde batera uztea. Izan ere, Egia osoa egi partzial anitzen batuketatik etorriko baita, eta ez guztien batazbesteko aritmetikoa eginez".
Joxean_Agirre.wav
Arantxa_Erasun.wav
No hay comentarios:
Publicar un comentario