martes, 29 de noviembre de 2011

GOGORATU! ABENDUAREN 3an EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gainean dugu Euskararen Nazioarteko Eguna. Hainbat ekimen, lehiaketa…. egingo dira egun hau ospatzeko, baina, tamalez,  hurrengo egunean lehengoan jarraituko dugu, ezer ospatu ez bagenu bezala. Ez dut esaten  delako eguna beharrezkoa ez denik, baina, jakina,  gure gizarteak aintzat hartzen badu eta jokaera aldatzen badu bakarrik balio izango du zerbaitetarako. Alegia, kontzientzia hartze bat egin beharra dago, nahiz eta kasu batzuetan oso kostatzen den.
Badakigu ohiturak aldatzea oso egiten dela zaila batzuetan, baina har dezagun kontuan gure Herriak, Euskal Herriak, daukan hizkuntzen arteko desoreka. Jakin badakigu, esperientziak erakusten baitigu, hizkuntzen arteko desoreka edota gizarte diglosia gertatzen den kasu guztietan bertako hizkuntzaren desagerpena dakarrela berarekin, izan lehenago ala geroago. Baina hiztun komunitateak,  zer gertatzen den ohartzen bada eta jokaera eta jarrera aldatzen badu, lortuko du egoera hori aldatzea.
Eta ez du deusetarako balio “euskalduna naiz” esatea, “nahiz eta euskararik ez dakidan”. Ideia hauek gurean Espainia eta Frantzia bezalako  Estatuek zabaldu eta sustatu dute, gizartean erabat errotzea lortu duten arte.  Euskalduna izatea, euskaraz jakin (edota ikasten aritu) eta eguneroko bizitzan erabiltzea da, ez besterik. Euskarari benetako onespena zor diogu, Nazio hizkuntzarena, alegia, gaur egungo kulturaren adierazpide osoarena eta herriaren nortasunarena.
Euskal Herrian bizi gara, baina egunen batean geu ez gara hemen izango, ez baikara betiko. Euskal Herriak, ordea, bertan jarraituko du eta badu ondare bat, altxor bat, oso preziatua dena, geuri aldi baterako utzi diguna: gure hizkuntza, EUSKARA. Gure betebeharra eta ardura da ondare hori gordetzea eta bizirik jarraituko duela bermatzea geure ondorengoei emateko, horrela bakarrik ziurta baikenezake Euskararen Herriak bizirik jarraituko duela. Ez diezaiogun geure hizkuntzari bizitzen jarraitzeko eskubidea ken, guk geure eskubideak errespetatzeko behin eta berriz eskatzen dugun garaiotan.  Eta eskubide hori betetzen dela ziurtatzeko modu bakarra norberak euskaraz bizitzeko hautua egitea da. Ez itxaron besteek nola jokatuko duten. Norberaren hautua euskaraz bizitzea bada, besteek egingo dutenaren zain egon gabe eta hautu hau hiztun dezentek egin badu, Herriak izateko borondatea duen seinale izango da, bere hizkuntzan bizi eta izateko borondatea. Gogoratu euskara geuretzat garrantzitsua den heinean izango garela geu garrantzitsu euskararentzat. Zeurea da erabakia eta erantzukizuna. Neuk aspaldi erabaki nuen!
HERRIA ETA LLENGUA.

No hay comentarios:

Publicar un comentario